Antxieta Arkeologi Taldea Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen dugun irabazi asmorik gabeko talde kulturala gara.
Gure lana aurrehistoriako arrastoen aurkikuntzan oinarritzen da, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin ikerketako lehen fasean murgiltzen gara. Hau da, gure inguruetako aran eta mendietan miaketak eta zundaketak egin, laginak eta materialak analizatu eta azterketa orokor bat egiten diegu, aurkikuntzaren ezaugarriak neurtzeko. Behin-behineko estratigrafia ere finkatzen dugu material arkeologikoekin eta laginekin.
Lan hau arkeologo aditu baten zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten dugu. Ikerketaren lehen fasea amaitzean, material guztiak siglatu eta inbentariatzen dira. Ondoren, Gordailura entregatzen dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkeologia ondarearen gordetegia, dagokien katalogazio ofiziala egiteko eta ikerlari guztien eskura egoteko, informazio eta txosten guztiekin batera.
Taldearen inguruko datu orokorrak jakiteko ikusi Aurkezpen orria. Webgune honetan taldearen Bloga, Proiektuak, Etiketak, Historia, Aurkikuntzak, Taldea eta Kontaktua agertzen dira.
ZORIONAK, Joseba, Laura eta proiektuko taldekide guztiei!! Guretzako ohore bat da 1980an ekin genion ikerketari jarraipen bat ematea eta zuek bezalako ikerlari bikainekin elkarlanean jarduteko aukera izatea. Izugarrizko lana jorratzen ari zarete, jarraitu gogotsu ikerketekin.
Izarraitzeko proiektuaren barruan urteko azken lanak egiten ari da Antxieta arkeologia taldea; besteak beste, aztarna antropiko guztiak geoposizionatzen eta katalogatzen.
Asteartean, abenduaren 5ean, Errezilgo San Martin herri eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin egon ginen, arkeologia eta paleontologia apur bat haiei irakasteko, Arzalluz auzoko Armalleta kobazuloa bisitatu genuen.
Bukatutzat eman ditugu 2023ko ikerketak Lasturko kobazulo berezi honetan. 2017an, paleolitoko Labar Artea aurkitu genuen Antxietakoek eta geroztik, Blanca Ochoa, UCM unibertsitateko ikerlaria lan bikaina ari da egiten koba honetako paleolitoko grabatuekin.
Aire libreko indusketa arkeologikoak IZARRAITZ mendilerroan.
Aire libreko zundaketa arkeologikoak IZARRAITZ mendilerroan.
LABAR ARTEA miaketa sistematikoak eta ARKEOLOGIA miaketa orokorrak Urola, Deba eta Oriako bailaratan.
Aire libreko zundaketa arkeologikoak IZARRAITZ mendilerroan.
Aire libreko indusketa arkeologikoak IZARRAITZ mendilerroan.
IZARRAITZ diziplina anitzeko epe luzerako proiektu bat da: Geologia eta Mineralogia, Arkeologia eta Paleontologia, Biologia eta Paleobotanika, Etnografia eta Historia.
LABAR ARTEA miaketa sistematikoak eta ARKEOLOGIA miaketa orokorrak Urola, Deba eta Oriako bailaratan.
LABAR ARTEA miaketa sistematikoak eta ARKEOLOGIA miaketa orokorrak Urola, Deba eta Oriako bailaratan.
LABAR ARTEA miaketa sistematikoak eta ARKEOLOGIA miaketa orokorrak Urola, Deba eta Oriako bailaratan.
Urola bailarako prehistoriari buruzko dokumentazio didaktikoa.
Antxieta Arkeologi Taldearen istorioa Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalekin hasten da 1965. urtean
Gogo biziak, orokorrean euskal kulturan duen ezaguerak eta zehazki gizakiak gure haranean eduki duen eboluzioak bultzatzen du Andoni Albizuri gure arbasoen arrasto eta aztarnak bilatzera, horretarako, Rafael Rezabal sartzen du taldean lehenengo eta ondoren, beste lagun batzuk aldizka.
Larunbata edo igandean mendira ateratzen dira aztarnak aurkitu nahiean. Astean zehar, lana egiteaz gain, beraien denbora librea astebukaeran zehar aurkitu dituzten aztarnak sailkatzen eta garbitzen pasatzen dute, planoetan aztarnen aurkikuntzak non izan diren kokatuz eta Aranzadi Zientzia Elkartera entregatuko duten estudiorako dokumentazioa prestatuz.
Ez dute laguntza ekonomikorik jasotzen, gastu guztiak beraien poltsikotik ordaintzen dituzte. Beraien lana azterlariak izatea da, amateur moduan. Beraien laginetan 30 x 40 cm gehienera aztertzera iristen dira. Zerbait aurkitu orduko, gelditu eta Aranzadi Elkarteari jakinarazten diote.
Jose Miguel Barandiaranek, modu berezian, beraien lana goraipatu eta adore ematen die. Egun batean, Andoni eta Rafaelek zientzialari komunitatea eta Eukal Herria zur eta lur uzten dituzte berebiziko aurkikuntza batekin. 1969. urteko uztailaren 1ean Ekain aurkitzen dute.
Andoni eta Rafaelek beraien aurkikuntzekin jarraitzen dute, ez antzinako aztarnenak bakarrik, baizik eta gazte gogotsuenak, hamar urte lehenago hasi zuten lanarekin jarraituko dutenak.
1975 urtean lehen gazte taldea gehitzea lortu zuten. 1978an aurpegi berriekin taldea handitzen da. 1982an hirugarren gazte talde bat iristen da.
Andoni eta Rafael gazteekin lanean aritzen dira, lehenengo Errailan eta ondoren Altzolaraz haranean. Koben lilura energiaz eta ilusioz beteriko gazte horiei transmititzeaz arduratzen dira. Batzuk geratu egingo dira, beste batzuk joan eta bakan batzuek noizbehinka kolaboratuko dute.
Laginen neurriak handitu egiten dira, 30x40 cm izatetik 100x100 cm izatera. Jesus Altuna eta Koro Mariezkurrenak aurkikuntzak kudeatzen dituzte eta baita lan taldea ere.
1980tik 1985era, gazte hauek Jesus Altunak industutako Amaldako Koban lagundu eta ikasten dute.
Aldi berean, beraien lana eta dedikazioak dagokion errekonozimendua jasotzen hasten da: 1982ko maiatzaren 15ean, Aranzadi Zientzia Elkarteak Antxieta taldeari Gipuzkoako beste kobetan historiaurreko laginak aurkitzea baimentzen dio; 1983ko urtarrilaren 10ean, Azpeitiko Udalak Antxieta Arkeologi Taldeari Guardia Zibilen Kuartela izandako etxean lokal bat uztea erabakitzen du aho batez; 1984ko maiatzaren 8an, Gipuzkoako Foru Aldundiak 70.000 pezetako diru laguntza ematen dio taldeari.
Hamarkada honetako gauzarik aipagarriena taldea bermatu egiten dela da, espiritu berritua duen oinarriarekin finkatu eta aukikuntzak nabarmenak dira…
1983an Andoni Albizuri hiltzen da, taldearen arima eta motorra.
Antxieta Arkeologi Taldeak 20 urteko historia du jada eta bere hirugarren hamarkada sendotasunez hasten du, ezagutza handiago batekin eta bide onetik doazen uste osoarekin.
Oso gazte hasi zirenek esperientzia hartu dute, beraien ilusioa mantenduz eta talde tinko bat osatuz.
Hasierako dinamikarekin jarraitzen dute, Andoni eta Rafaelengandik jasotakoa hain zuzen ere: astean zehar lana egin igande goizetan mendira atera eta aztarna eta arrasto berriak aurkitzeko. Astearte gauetan, bilera. Asteburuko aztarnak garbitu eta dokumentatu, plano berriak egin, dokumentazioa garbira pasa eta aurkituriko materialak Aranzadira eramateko prestatu.
1983tik bileretarako azpiegitura daukate: Guardia Zibilen kuartela zen etxean Azpeitiako Udalak lagaturiko lokal bat.
Denborarekin, beraien lanen errekonozimendua handitzen doa:
Antxieta Arkeologi Taldeak eginiko aurkikuntzak Gizpukoako Arkeologia Kartan agertzen dira, Aranzadi Zientzia Elkarteak eginiko eta publikaturiko lanean.
Eusko Jaurlaritzako Ondare Historiko-Artistikoko Zuzendaritzak Antxieta taldeari Lastur-Debako kobetan laginak egitera baimentzen du.
Jesus Altuna eta Koro Mariezkurrenak, Aranzadi Elkarteko kideek taldearen aurkikuntzak kudeatzen jarraitzen dute.
Jasotako esperientziak fruitu berriak ematen ditu. Taldearen aurkikuntzak aire librean zundaketak egitera zuzentzen ditu, kobetan aurkituriko aztarna fosilak baino zaharragoak diren arrastoak aurkituz, Irikaitzen, Zestoan aurkiturikoak frogatzen duen bezala, gizakiak aire librean bizi litezkeela.
Egia esateko, Irakaitzek aurrera pauso bat irudikatzen du aurkikuntzak kobetan bakarrik egin daitezkeela finkatzen duen ideia baztertzen baitu.
Finantzaketari dagokionez ere eboluzio bat dago. Azpeitiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Antxieta Arkeologi Taldeko gastuak babesten dituzte. Bi erakundeek, gainera, gogo onez parte-hartzen dute taldearekin. Antxietak eginiko lanak esker ona jasotzen ari dela nabarmena da.
Zorroztasun, zehaztasun eta kalitate handiagoarekin lana egiten da. Kantitatea bigarren maila batera pasatzen da. Taldea bere heldutasunean dago, badakite zer nahi duten eta bateratua eta trinkoa mantentzen da. Jesus Altuna eta Koro Mariezkurrenak taldea zientifikoki kudeatzen jarraitzen dute.
Denborak arrazoia eman eta kendu egiten du. Kasu honetan, taldekideen alde dago, gure geografian arrasto arkeologiko ugari daudela mantentzen baitute, baina aurkitzen jakin behar da. Horretan dago giltza. Esperientzia, ezagutza eta urteen joanean garaturiko intuizioa dira bidea zehazten dutenak.
Azken hamarkada honetan, urte askoren ondoren, taldekide berriak gehitu dira.
Lehenengo berrogeita hamar urteak betetzeko ateetan, Antxieta Arkeologi Taldea hiru aldiz izan da albiste 2014 eta 2015ean zehar. Hiru aurkikuntza albiste izan dira daukaten garrantziagatik. Aurretik ezagutzen ziren hiru barrunbetan, arkeologikoki balio handia duten aztarnak aurkitu dituzte, zehazki Ezkuztan (Azpeitia), Danbolinzulon eta Erlaitzen (Zestoa).
Gaur egun, Antxieta Arkeologi Taldea Maria Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalagak zuzentzen dute, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak.
Antxieta Arkeologi Taldeko ateak parez pare irekiak daude elkartea ezagutu nahi duzuen pertsona guztientzat. Nor garen eta arrasto fosilak eta aurrehistoriako aztarnen aurkikuntzan zertarako eta zergatik ibiltzen garen interesa duzuenontzat.
Gu ezagutzera etortzen bazarete, zuen kabuz ikusi ahal izango duzue arkaeologiaz gain, gure lana, familia eta lagunak ditugula eta hau egitera bultzatzen gaituena ilusioa eta denbora libreaz disfrutatzeko beharrak direla, beti ere taldean, gustukoen duguna eginez, hau da, aire librean zulatu, edo kobetan aztarnak, lanabesak, hezurrak edo gure aurrekoen arrastoak bilatzera sartuz.
Horrez gain, Antxieta Arkeologi Taldeko kide izateko arkeologoa izatea beharrezkoa ez dela konturatuko zarete, ezta horrelako gaitasunik frogatzen duen antzeko titulurik edukitzea ere. Altua edo baxua, gizena edo argala, gaztea edo heldua… denok zarete ongi etorriak.
Ez dago badintzarik Antxieta Arkeologi Taldeko kide izateko. Gure jardueran jakinmina edukitzea da soilik beharrezkoa, eta igande goiz batean egin ohi ditugun irteeretako batera etortzea. Horrekin nahikoa da, zaletasuna jakinminaren hurrengo pausoa baita.
Gure deia Azpeitiko gaztediari dago batez ere zuzendua, zuen denbora librea zerbaitekin betetzeko beharra sentizen duzuen neskamutilei, beste gazte batzuekin beste modu batera erlazionatzeko eta astean zehar motibaturik sentitzeko beharra duzuenoi.
Antxieta Arkeologi Taldeak beste garai bateko aztarnak aurkitu eta gure inguruko hainbat txoko ezagutzeko aukera emango dizue modu dibertigarri eta entretenigarri batean. Aurkikuntza berri bakoitza energiaz beteriko bultzada pozgarri bat baita.
Gure irteerak, lehen aipatu bezala, igande goizetan egiten ditugu. Zortzirak aldera ateratzen gara eta bazkalordurako bueltatzen. Beti ere zerbait hartu eta barre batzuk egin ondoren.
Astearteetan, gaueko 21:30etatik aurrera, Soreasu 1. Kulturgunean dagoen gure lokalean biltzen gara.
Oso erraza da. Jar zaitez gurekin kontaktuan ikasteko eta aldi berean ondo pasatzeko gogoa, ilusioa eta gure taldekide izan nahi baduzu, anima zaitez zerbait berria eta gizartearentzat interesgarria dena egitera, gizartea bera baita egingo dituzun aurkikuntzen onuragarri.