Atzo, azaroak 17, “Errinozeroak, hienak, elur oreinak eta hartzak Urolako bailaran“ hitzaldia eman zigun Asier Gomez Olivenciak Zestoan. Aukera bikaina izan genuen Zestoan, Asier Gomez-ekin, Errinozeroak, hienak, elur oreinak eta hartzak, Urolako bailaran gizakiarekin biziraupenagatik lehiatzen ziren garaietara eraman gintuen bere hitzaldiarekin.
Zestoako Udalak antolatu du egitasmoa, eta hilaren 15etik 20ra bitartean, herritarrek Amalda III haitzuloari, Baioko eta Amabiturrietako aztarnategiari edota Antxieta arkeologia taldearen jardunari buruz gehiago jakiteko aukera izango dute.
Ikerketa lan bikaina egiten ari dira Asier Gomez-Olivencia EHU eta bere lan taldea Zestoako aztarnategi garrantzitsu honetan. Antxieta taldekoak ere elkarlanean ari gera proiektu honetan. Sorpresa ugari ematen ari da eta gehiago emango dituzte epe laburrean ikerketa hauek.
EHUko ikerlariekin estratigrafia eta palinologia laginak jaso ditugu joan den asteburuan. Eguraldi kaskarra eginagatik, lan egin ahal izan genuen Zestoako Baio kobazuloan.
1990eko eta 1998 zein 1999 urteetan Antxieta taldeak Zestoako Baio kobazuloan egindako zundaketetan aurkitutako materialen ikerketa egiten ari dira Gordailuan.