Iritsi da ametsak errealitate bihurtzeko eguna. Irailak 3, Joseba Rios eta Laura Sanchez-en zuzendaritzapean, beraien taldekideekin eta Antxietakoen laguntzarekin, 2022ko indusketekin hasten gara. Aste honetan bideko sasiak moztu eta sokarekin esku laguntzak ipini ditugu bidean kobara iristeko.
Urte batzuk pasatu ondoren, bueltatu egin gara Itziarko URTIAGAKO LEIZERA. 1981ean zulo estu eta beldurgarri batetik sartu ginen milaka urtetan inor ibili gabeko galeria zoragarri batzuetara. Bihotzak abiadura bizian taupadaka eduki genituen, emozioz betetako hurrengo orduetan eta egunetan.
Ikerketa lan bikaina egiten ari dira Asier Gomez-Olivencia EHU eta bere lan taldea Zestoako aztarnategi garrantzitsu honetan. Antxieta taldekoak ere elkarlanean ari gera proiektu honetan. Sorpresa ugari ematen ari da eta gehiago emango dituzte epe laburrean ikerketa hauek.
AMALDA-III 1983ean aurkitu genuen Antxieta taldekoek eta zundaketa bat eginez katalogatu genuen. Hain zuzen ere, Neanderthalen bizileku sekuentzia luze bat dago dokumentatuta koba honetan. 2019an ekin genion bertan elkarlanean indusketak egiteari eta horretan gabiltza, ordundik ikerketa sakon bat eginez.
Goi paleolitoko aztarnategi bikaina daukan koba honetatik, ur jauzi edo surgentzia indartsua irteten du, euriak gelditu eta astebete igaro ta gero ere. Izarraitzeko sistema karstikoak ur poltsa handiak dauzka bere barnean.
EHUko ikerlariekin estratigrafia eta palinologia laginak jaso ditugu joan den asteburuan. Eguraldi kaskarra eginagatik, lan egin ahal izan genuen Zestoako Baio kobazuloan.