Igandea, martxoak 6, Izarraitzen. Eguraldi petrala eta hotza. Momentu batzuetan elurra mara-mara bota du, baina beldurtzetik urrun azpeitiarrok bereizten gaituen egoskor puntuarekin jarraitu diogu ikerketei. Hotz egiten zuen baina ez gara otxandu.
Larunbata, otsailak 26. Hotz egiten du oraindik 1.000 metrora. Azpeitiko Izar Eizagirre EHUko Geologia ikaslea izan dugu gaur Arrasate Goenako 4. laugarren zundaketa aukeraketan eta hasieran. Leku interesgarria ematen du eta ikusi egin behar zer informazio ematen duen.
Joan zen igandean, otsailak 13, bisita polita izan genuen aztarnategian, gure lanak nola doazen ikusten. Zaldiak, behorrak eta moxalak ti-ta batean arrimatu dira, eta momentu batean pentsatu dugu zundaketara sartu behar ote duten, zer ari ote garen jakin-minez edo…
Igandea, urtarrilak 30. Eguraldi aparta dago 500 metrotik gora. Azpeitiko herrian, behean laga ditugu behe lainoa, hezetasuna eta hotza. Bagoaz Izarraizko antzinako arbasoen bizimodua ezagutzera. 2013tik Asurtzuko eremua ikertu ondoren, eta ikerketa ildo berari jarraituz, zonalde berri bat aukeratu dugu.