Antxieta Arkeologi Taldea berriz martxan

Antxieta Arkeologi Taldea berriz martxan

Antxieta arkeologia taldeko kideak hasi dira berriz martxa hartzen. Itxialdiak iraun duen asteetan ez dira elkartu eta ezin izan dute asteburueroko irteerarik egin. “Konfinamendu garaian taldearen jarduna geldituta izan dugu”, adierazi du Jabier Lazkano kideak. “Geure gauzak aztertzen-eta jardun gara, baina norbera bere etxean”.

Egoerak bide eman dien bezain pronto heldu diote elkartearen jardunari, “orain dela pare bat aste”, esan du Lazkanok. “Duela bi asteburu Itziar aldeko kobazulo batera joan ginen, eta pasa den asteburuan, berriz, Azurtzun izan gara, Erlo atzean”. Antxieta elkarteko kideak ere osasuna babesteko segurtasun neurriak hartuta hasi dira martxan. “Udalak utzitako lokala eta autoa erabiltzen ditugu guk, eta horregatik, udalak eman dizkigu haiek erabiltzeko irizpideak”, argitu du. “Lokalean gaudenean eta autoan goazean maskara jantzita ibiltzeko agindu digute, eta horrela egiten dugu”. Irteeretan, berriz, segurtasun tarteak-eta zaintzen dituztela adierazi du, “baina gure kasuan hori ez da arazoa, talde txikia ibiltzen garelako eta mendian nahiko leku dagoelako”.

Konfinamendu aurreko garaietan bezala, aurrerantzean ere asteburueroko irteerekin jarraitzeko asmoa dutela esan du Lazkanok.

Antxieta Arkeologi Taldea
Antxieta Arkeologi Taldea
Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen duen taldea

Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen duen irabazi asmorik gabeko talde kulturala.

Erlazionatuta