Zestoako Arkeologia Astea egingo dugu azaroaren 15etik 20ra

Zestoako Arkeologia Astea egingo dugu azaroaren 15etik 20ra

2022-11-08 · 2 minutuko irakurketa
blog

Hilaren 15ean, asteartez, hasiko da Zestoako Arkeologia Astea, eta Joseba Rios arkeologoak Amalda III, Altzolarats (Zestoa): Zestoako Neanderthalak ezagutzen hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Alondero udal aretoan.

2022-11-15 - Hitzaldia - Joseba Rios

Joseba Riosek, Bizkaiko Arkeologi Museoko ikerlaria, indusketa kanpaina oso emankorra zuzendu du Amaldako haitzuloan. Gipuzkoan oso gutxi dira neandertalen presentzia frogatua izan den aztarnategiak, eta hau da horietako bat. Bertan, Erdi Paleolitoan ondo kontserbatutako okupazio-maila dagoela egiaztatzen duten faunaren laginak eta harrizko industriaren aztarnak berreskuratu dira.

Amaldako aztarnategiko gai interesgarri eta eztabaidatuena zera da: bertan aurkitutako fauna-aztarnen jatorria. Neandertalek ehizatutako produktua da, ia esklusiboki? Edo aztarnategia beste animalia haragijaleen zulo bat zen, gizakiek noizbehinka erabiltzen zutena? Ea zer dioen Riosek hitzaldian.

Hilaren 17an, ostegunez, Asier Gomez Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiez arituko da, 19:00etan Alondero udal aretoan, honako saio honetan: Errinozeroak, hienak, elur-oreinak eta hartzak Urolako Bailaran? Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiak.

2022-11-17 - Hitzaldia - Asier Gomez

Baioko aztarnategiak (Zestoa) zeresan ugari emango du etorkizunean, hitzaldiaren tituluan suma daitekeen bezala. Asier Gomez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea da proiektuaren zuzendaria, eta zientzialari talde bikain bat bildu du Baioko eta Amabiturrietako (Zestoa) aztarnategiak ikertzeko. Antxieta Arkeologia taldekoek, 1990ean eta 1998-1999 bitartean, zundaketa bat egin zuten Baion, eta orain ikerketa sakonagoa egitea da helburua. Momentuz dakiguna da Gipuzkoako faunarik zaharrena dagoela koba honetan, baina zalantzarik gabe, beste ezusteko pozgarriren bat emango du aztarnategiak, eta Asier Gomezek hitzaldian ere bai seguruenik.

Azaroaren 20an, igandean, Antxieta Arkeologi Taldeak herri azokarekin itxiko du egitasmoa udaletxeko arkupetan 11:00etatik 15:00etara, Historiaurrea Zestoan eta inguruko bailaratan izenpean.

2022-11-20 - Herri azoka - Antxieta

Antxieta Arkeologi Taldea aski ezaguna da gure artean, Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek 1965ean sortu zutenetik, besteak beste, Ekaingo haitzuloa eta bertako margoak aurkitu zituztelako. Beren lana historiaurreko arrastoen aurkikuntzara bideratzen da, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. Gure inguruetako haran eta mendietan miaketak eta zundaketak egitea, laginak eta materialak analizatzea eta azterketa orokor bat egitea da, asko laburtuz, beren lana. Lan hori arkeologo adituen zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten dute.

Gure inguruan aurkitutako aztarnategi ia gehienak beren etengabeko lanari esker izan dira, eta emaitza, erakusketan ikusiko den bezala, ikaragarrizkoa da. Askotan ez dute esker handirik jasotzen gizartearen partetik baina gure historiaurrearen ikerketa eta babesari sekulako ekarpena egin diote mende erdi honetan zehar.

Antxieta Arkeologi Taldea
Egileak
Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen duen taldea
Antxieta Arkeologi Taldea Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen dugun irabazi asmorik gabeko talde kulturala gara. Gure lana aurrehistoriako arrastoen aurkikuntzan oinarritzen da, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin ikerketako lehen fasean murgiltzen gara. Hau da, gure inguruetako aran eta mendietan miaketak eta zundaketak egin, laginak eta materialak analizatu eta azterketa orokor bat egiten diegu, aurkikuntzaren ezaugarriak neurtzeko. Behin-behineko estratigrafia ere finkatzen dugu material arkeologikoekin eta laginekin. Lan hau arkeologo aditu baten zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten dugu. Ikerketaren lehen fasea amaitzean, material guztiak siglatu eta inbentariatzen dira. Ondoren, Gordailura entregatzen dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkeologia ondarearen gordetegia, dagokien katalogazio ofiziala egiteko eta ikerlari guztien eskura egoteko, informazio eta txosten guztiekin batera.

Erlazionatuta

Zestoako Amalda III kobazuloko 2022ko landa lanak bukatuta featured image

Zestoako Amalda III kobazuloko 2022ko landa lanak bukatuta

Zestoako Altzolarats bailaran Neanderthalak bizi izan ziren gutxienez duela 100.000 urtetik 45.000 urtera bailarako hainbat kobazulotan. 1980ko eta 1990ko hamarkadetan hamasei …

Neandertalen industria azaleratzen ari da Amalda III kobazuloan featured image

Neandertalen industria azaleratzen ari da Amalda III kobazuloan

Zestoako Amalda III kobazuloko indusketa aurrera doa, eta Neanderthalen industria bikaina azaleratzen ari zaigu 13. azal honetan. Harrizko industria ugaria eta gizaki trebe haiek …

Amalda III koban indusketak hasteko prest featured image

Amalda III koban indusketak hasteko prest

Iritsi da ametsak errealitate bihurtzeko eguna. Irailak 3, Joseba Rios eta Laura Sanchez-en zuzendaritzapean, beraien taldekideekin eta Antxietakoen laguntzarekin, 2022ko …

Baio Kobazuloko ikerketa arkeologikoa: urarekin galbaiketa featured image

Baio Kobazuloko ikerketa arkeologikoa: urarekin galbaiketa

Ikerketa lan bikaina egiten ari dira Asier Gomez-Olivencia EHU eta bere lan taldea Zestoako aztarnategi garrantzitsu honetan. Antxieta taldekoak ere elkarlanean ari gera proiektu …

Laura Sanchez Romeroren hitzaldia Amalda III kobazuloko Neanderthalen inguruan featured image

Laura Sanchez Romeroren hitzaldia Amalda III kobazuloko Neanderthalen inguruan

AMALDA-III 1983ean aurkitu genuen Antxieta taldekoek eta zundaketa bat eginez katalogatu genuen. Hain zuzen ere, Neanderthalen bizileku sekuentzia luze bat dago dokumentatuta koba …