Erlaitz kobako labar artea ikertzen ari dira

Erlaitz kobako labar artea ikertzen ari dira

2020-09-01 · 2 minutuko irakurketa
Erlaitz
blog

Antxieta arkeologia taldeak Zestoa eta Deba artean dagoen Erlaitz izeneko koban material arkeologiko esanguratsu batzuk aurkitu zituen 1978an. Goi Paleolitoko material horiek eta Brontze Aroko gizakien aztarnek balio izan zuten koba aztarnategi gisa katalogatzeko.

Erlaitz

2015ean, labar arte miaketako proiektu baten barruan, Zestoako Danbolinzuloko labar artea aurkitu zuten arkeologia taldekoek; ondoren, Zestoa inguruan jarraitu zuten lanean, eta Erlaitzko labar artea aurkitu zuten. Han, grabatu batzuk aurkitu zituzten, baita goiko galeria bat ere, baina “oso-oso zaila” da galeria horretara iristea, Jose Ignazio Arrieta Antxieta taldeko kideak azaldu duenez. “Horregatik, sasoi hartan ikerketa sinple bat egin zuten, bakar-bakarrik baieztatzeko margo horiek paleolitikoak zirela”.

Erlaitz

Bost urte igaro dira ordutik, ikerketa sakonagorik egin gabe, baina duela gutxi, EHUko talde batek Antxieta taldeari jakinarazi zion Erlaitzen ikerketa sakonagoa egiteko baimenak eskatzera zihoala. Blanca Ochoa EHUko arkeologoa izan da ikerketa hori bultzatu duena, Marcos Garcia Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikerlariarekin batera. Haiek kolaborazioa eskatu zieten Antxieta arkeologia taldekoei, eta baiezkoa eman zuen Azpeitiko taldeak. Gipuzkoa Kulturak diruz lagundu du proiektua.

Erlaitz
Erlaitz

Duela astebete ekin zioten ikerketari, eta joan den larunbatean amaitu zuten lehen kanpaina. Prozesu horretan, hainbat animaliaren irudikapenak aurkitu dituzte: hain zuzen ere, zaldienak, bobidoenak eta zerbidoenak. Grabatu horiek suharri batekin eginda daude, kobako harri naturalaren gainean. Koronologiari dagokionez, duela 22.000 eta 15.000 urteren artean egindako grabatuak direla uste dute.

Erlaitz

Dena dela, ikerketa hasi baino ez da egin oraindik; Arrietaren arabera, “agian, bi urteko iraupena” izan dezake prozesuak. “Koban lanean aritu ziren astean beharrezko informazioa bildu genuen, baina gero irudi horiek denak eta haien formak aztertu egin behar izaten dira, eta prozesua oso luzea izaten da”. Gainera, Arrietak uste du urtea amaitzerako berriro joan beharko dutela kobara aztarna gehiagoren bila.

Antxieta Arkeologi Taldea
Egileak
Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen duen taldea
Antxieta Arkeologi Taldea Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen dugun irabazi asmorik gabeko talde kulturala gara. Gure lana aurrehistoriako arrastoen aurkikuntzan oinarritzen da, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin ikerketako lehen fasean murgiltzen gara. Hau da, gure inguruetako aran eta mendietan miaketak eta zundaketak egin, laginak eta materialak analizatu eta azterketa orokor bat egiten diegu, aurkikuntzaren ezaugarriak neurtzeko. Behin-behineko estratigrafia ere finkatzen dugu material arkeologikoekin eta laginekin. Lan hau arkeologo aditu baten zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten dugu. Ikerketaren lehen fasea amaitzean, material guztiak siglatu eta inbentariatzen dira. Ondoren, Gordailura entregatzen dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arkeologia ondarearen gordetegia, dagokien katalogazio ofiziala egiteko eta ikerlari guztien eskura egoteko, informazio eta txosten guztiekin batera.

Erlazionatuta

Ekain 1969, Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal featured image

Ekain 1969, Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal

1969ko Ekainak 8an Andoni Albizuri “Katxo” eta Rafael Rezabal, Azpeitiko Antxieta taldeko kideak, Sastarrain bailaran arkeologia miaketak egiten zabiltzatela Ekaingo margoak …

Miaketak 2020 featured image

Miaketak 2020

LABAR ARTEA miaketa sistematikoak eta ARKEOLOGIA miaketa orokorrak Urola, Deba eta Oriako bailaratan.

Antxieta Arkeologi Taldea berriz martxan featured image

Antxieta Arkeologi Taldea berriz martxan

Konfinamenduak geldiarazita izan dituen arrean, egoerak ahalbidetu dien bezain pronto hasi dira martxan Antxieta arkeologia taldeko kideak. Duela bi asteburu ekin zieten …

Aspaldiko partez amalurraren barruak miatzen featured image

Aspaldiko partez amalurraren barruak miatzen

Gaur, aspaldiko partez, Amalurraren barruak miatzen ibili gera. Goxatu ederra hartu degu! Faltan botatzen genuen baina berak gu ere seguru baietz.